Lehenengoz entzuten dutenek aho-korapilo itxura hartzen dioten izen bihurri horrek, bertakoek erraten dutenez, "zugarrak, hurritzak eta erramuak" ditu hizpide, bertan ohikoa den landaretza. Horiez gain, bagadi hostotsuek, elezaharrez mintzo diren mendiek (Larrun eta Atxuri, errate baterako), baserri bakanduek, belai berdeek, ardi latxen artaldeek eta pottokek betetzen dute herri honetako paisaia.
Herri kaxkorat helduta, bisitaria baserri zaharrez ohartuko da lehenik, Andre Mariren eliza eta Dutaria jauregia gailen dituztela. Lau auzo sakabanatu; Azkar, Madaria, Etxartea eta Olasur. Denen artean sei kilometro koadro eskas osatzen dute.
1610ean, Logroñoko inkisizio-auzitegiak 31 herritar epaitu zituen sorginkeriarekin lotura zutelakoan. Gertakari lazgarri hark betirako aldatu zuen herriaren bizitza, eta mundu osorat zabaldu zuen herriaren izena. Milaka lagun hurbiltzen da urtero "sorginen herria" ezagutzerat, gertakari historiko hark eta horren inguruan sortu diren elezaharrek erakarrita.
Xarmaz beteriko xoko magikoak, iragan lazgarriak eta natura bete-beteak bat egiten dute Zugarramurdin, ttikia bezain dinamikoa den herri honen garapen soziokulturalerat bideratutako turismo-eskaintza erakargarria eskaintzeko.
Lezea, elezaharretako akelarreen lekuko isila, eta Sorginen Museoa, memoria historikoa jasotzen duen lekua, estereotipoak alde baterat utzita, garai anker bateko triskantzak pairatu zutenei ahotsa ematen dien txokoa; biak bisitatu beharrekoak. Bi baliabide horiek Zugarramurdiko Garapena SLk kudeatzen ditu.
Sorginen museoa
Tel: +34 948599004
Sorginen lezea
Tel: +34 948599305
http://www.turismozugarramurdi.com/
Sorginen Museoan, ospitala izandako etxean kokatua, gizaki mitologiko, sendabelarrak eta errito zaharrak azaltzen dira. Estereotipoak alde baterat utzita, sorginkeriarekin lotutako aferak eta XVII. mendeko eskual gizartea, bere mito eta kondairekin erakusten da. Ikusentzunezko, eszenatoki erakargarri eta ukitzeko pantailekin Zugarramurdin gertatutako prozeso inkisitoriala ezagutuko da.
Sorginen Museoan, ospitala izandako etxean kokatua, estereotipoak alde baterat uzten dira eta klonpexurik gabe sorginen gaiari buruz mintzatzen da.
Zalantzarik gabe, Zugarramurdiko lekurik ezagunena eta historikoki garrantzitsuena, lezea da. Herriko kondairen arabera, eszenatoki natural honetan herritarrek beren akelarreak ospatzen zituzten. Espainiar Inkisizioak naturaren indarrekin lotutako erritual besta hauei deabruari gurtzeko bilkurak zirela uste zuen. Sorginak ez ezik, mugalariek ere naturak emandako leze eder hauek erabili zituzten, muga gainditzeko une egokiaren zain, beraien zamak hementxe gortzen baitzituzten.
ZUGARRAMURDI BIDEOA